Soto del Realera eraman dute Batasuneko kidea, «talde armatuko partaide» izatea leporatu diote ; Idiazabalgo Udalean ez ohiko bilkuran landu dute gaia adostasunik lortu gabe

Garzon Auzitegi Nazionaletik ateratzen.
Hamabost minutuz deklaratu ondoren, Asier Imaz Batasuneko Mahai Nazionaleko kidea Soto del Real espetxean sartzeko agindu du Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak. «Talde armatuko kide izatea» leporatu diote Imaz idiazabaldarrari, baita atzo auzitegian bere kabuz aurkeztu zen Gorka Diaz bilbotarrari ere. Bi kartzelatze horiekin 19 dira dagoeneko espetxeratu dituzten Batasuneko ordezkariak.
Goizean deklaratu zuen Asier Imazek Auzitegi Nazionalean, Madrilen. 11:50 inguruan amaitu zen deklarazioa hartzeko saioa, ordu laurden inguru iraun zuena.
Saioa 09:30ean zen hastekoa, baina atzeratu egin zen, trafiko arazoengatik abokatuek ezin izan zutelako garaiz iritsi. Imaz polizia-kotxe batean eraman zuten auzitegira, burua makurrarazita. Senitartekoei ez zieten utzi auzitegiaren kanpoan argazkiak ateratzen, eta identifikatu egin zituzten.
Fiskalaren eskaria aintzat hartu zuen epaileak, hau da, «talde armatuko kide» izatearen akusazioa, eta baldintzarik gabeko eta komunikatutako kartzelatzea. Asier Imazek ez zien erantzun ez Garzon epailearen ez eta Dolores Delgado fiskalaren galderei.
Espetxeratze agindua jaso ondoren, Imazen emazteak eta aitak ikusi ahal izan zuten idiazabaldarra, beiraz banatutako lokutorio batean, Auzitegi Nazionalean bertan. Zortzi minutu inguruan hitz egin zutela zehaztu zuten senitartekoek, eta adierazi zutenez «lasai» aurkitu zuten Imaz.
Operazioak jarrai dezake
Bestetik, Garzonek ateratako autoan adierazten da Beasaingo Arrano elkartea miatzea agintzeko zer arrazoi izan zuen. Epailearen arabera Imazen «ohiko biltoki delako» agindu zuen elkartea ikuskatzea eta ondoren prezintatzea. Astelehen gauean bertan miatu zuten soziedade gastronomikoa. «Batasunaren barne-buletin batzuk» eraman zituzten handik, autoan adierazten denez. Auto osoa hemen
Gorka Diaz Batasuneko Mahai Nazionaleko kidea bere kabuz aurkeztu zen Auzitegi Nazionalean atzo. Atxilotze agindua emana zegoen Diazentzat ere, Segurako bileran parte hartu zuela eta. Ezarritako orduan deklaratzera joan zenean atxilotu zuten, eta ondoren kartzelatu egin zuten.
Segurako batzarraren ondotik poliziak identifikatutako kide guztiak daude atxilotuta. Urriaren 4ko gauean bertan atzeman zituen Espainiako Poliziak gaur egun kartzelan dauden 17 lagun; Imaz astelehenean atxilotu zuten Beasainen, bere etxetik irteterakoan. Azken kasua Diazena da, atzo auzitegian bertan atxilotu zutena.
Hala ere, Garzonek berak atzo aurreratu zuen Batasuneko beste ordezkari batzuen aurka ekintza judizialak burutzea «aztertzen» ari dela. Igandean Gara egunkarian Mahai Nazionalak argitaratutako komunikatua eta Batasuneko beste arduradun batzuen adierazpenak hartu ditu erabaki horren oinarri gisara. Bestetik, Seguran 23 lagun atxilotu ondoreneko astebetean «kale indarkeriak %465,2 gora egin» duela adierazi du epaileak.
IDIAZABALGO UDALEAN ADOSTASUNIK EZ
Ez ohiko plenoa egin zuten atzo Idiazabalgo Udalbatzako 9 zinegotzik (Izal Baiko 5ek -bi falta ziren-, EAE-ANVko 4k). Gai bakarra Asier Imazen atxiloketa zen, EAEk mozio bidez aurkeztua; bozketan ez zen onetsi (5 boto kontra, 4 alde).
Lau puntuko agirian, «euskal independentismoaren eta Euskal Herriaren aurkako eraso» gisa jo ditu EAEk Imazen eta Batasuneko beste ordezkarien atxiloketak, «irmoki» salatuz. Berehala aske uzteko eskatu zuten, eta «independentismoaren aurkako kriminalizazioa eta jazarpena» geratzeko exijitu. «Demokraziarik ez» dagoela, euskal herritarren eskubideak «urratu» direla eta «errepresioaren aurrean jarrera tinkoa» hartzeko eskatu zion Udalari.
Bestetik, «marko demokratikoaren» beharra azaldu eta Hego Euskal Herriko biztanleei «libreki eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea zor» zaiela gehitu zuten, «proiektu politiko guztiak, independentzia barne, bideragarriak egingo dituen marko batean dago gatazkaren konponbidea». Azken puntuan mobilizazioetara herritarrei dei egiteko eskatu zion EAEk Udalari.
Izal Baik lau puntuko beste erantzuna aurkeztu zuen. «Asierri, sendiari eta gertukoei elkartasuna» adierazi ondoren, atxiloketa Espainiako Gobernuaren «egokiera politikoan» kokatu zuen. Egoera hori eta Alderdien Legea «salagarria iruditzen» zaiela aipatzen du agiriak. Eskubide politiko eta zibilak errespetatu behar direla esan ondoren, «giza eskubide guztiak errespetatzea ezinbestekoa» dela adierazi zuten; «Asierren eta bere kideen atxiloketak bezala, ETAren lehengo asteko hilketa saiakera eta etengabeko kale borroka ekintzak» gaitzetsi zituzten.
Ildo horretatik, atxiloketak gaitzestea «zilegi» dela dio, «baina zilegitasuna zalantzan jartzen da urraketa ororen, eta bereziki bizitza eskubidearen urraketaren aurrean ez bada maila berean jokatzen». Azkenaldiko gertaerekin Idiazabal eta euskal gizartea «nazkatuta» daudela dio Izal Baik.