2007-04-25
S’acabo, bai, gaur katalanez amaitu baitugu. Internet bidez bada ere gaurkoan Obrint Pas taldekoak izan ditugu gurean. Valènciako estudio batean grabatu zuten atzo arratsaldean beraien zatia, Europako bira eta disko berriaren aurkezpenaren artean erotuta bukatzeko zorian.
Ostiralean eta astelehenean nahasten ibili ondoren, gaur goizeko 9:15 aldera Egoitz eta Etxaun agertu dira eta Haritz dagoeneko bertan zegoen. Abestiari Xavi eta Miquel R.-ren ahotsak eta Miquel G.-ren dolçaina sartzea besterik ez zitzaion falta, eta horixe egin dugu. Goiza abesti horri eskaini diogu gehienbat, beste abesti batean sartu behar ziren soinu efekturen bat ere sartuz. Ondoren bazkaltzera Andoainera jaitsi gara, gustura jan eta berriro ere gora. Ukitu batzuk eta kito, diskoa bukatuta, kopiaren bat egin eta 16:00ak aldera Haritz eta besteak agurtu ditugu berriro topatuko garelakoan.
Hiru aste t’erdi igaro dira jada lehenengo urduritasunetik, eta zein abiadan igaro gainera. Ikaragarri gustura gaude emaitzarekin eta oso pozik atera gara Garatetik, orain lokalera itzultzeko ordua iritsi zaigu.
Eskerrik asko eguneroko hau irakurtzen denbora galdu duzuenoi eta batez ere Gaztesareari!! Laster arte!!
harrika atalean argitaratua | 2 Iruzkin »
2007-04-19
Gaur ere beste bi abesti egunero bezala, gu gero eta gusturago egunero bezala, munduan hamaika zorigaitz egunero bezala…
harrika atalean argitaratua | Iruzkin 1 »
2007-04-18
Beste egun bat, beste bi abesti, gu gero eta gusturago. Gaurkoan ez dago askoz gehiago esan beharrik ez baitugu ezer berezirik egin. Eguerdian Egoitz eta Etxaun 12:15 aldera iritsi dira eta Haritzek abesti bat ia amaitua zuen, pare bat gauzatxo aldatu eta kito. Bazkaltzera joan gara, eta zakurrari emateko apropos Egoitzen aitak jarritako janaria bueltan eraman du, izan ere gaur jada ez zegoen zakurrik, eraman dutela esan digu Izaskunek.
Arratsaldean Iñaki ere agertu da eta beste abesti batekin jarri gara lanean, eta 17:15etan gutxi gora-behera amaitu dugu horrekin, soinu efekturen bat eta guzti. Haritzek ohi bezala bihar goizerako prest utzi du abesti bat, Mikelek bere ahotsaz lagundu zuena, alegia. Badugu gogoa nola geratuko den ikusteko.
harrika atalean argitaratua | Iruzkinik Ez »
2007-04-17
Gaur hasi gara nahasketa lanetan. Egia esan, Haritz aritu da lanean. Egoitz eta Etxaun 12:00tan agertu dira estudiora eta jada abesti bat oso aurreratua zuen Haritzek. Bazkaldu baino lehen bukatu du abesti horren nahasketa eta ikaragarri ongi entzuten zen, oso gustura geratu gara, jakinda gainera oraindik masterizazioa ere falta dela.
Bazkaldu ostean, orain dela zenbait egun bertan agertu zen txakur bati ere jaten eman diogu gizajoa nahiko gaizki baitago, eta ondoren estudiora igo gara berriro ere hurrengo abestiarekin jarraitzeko. Iñaki ere iritsi da estudiora eta entzun du nahasten bukatutako abestia, bera ere harrituta geratu da. Arratsaldean beste abestia ere nahasten bukatu du Haritzek eta berriro ere izugarri gustura geratu gara behin behineko emaitzarekin. Ondoren beste abesti bat ere prestatu du bihar hasteko eta gauzak hartu ditugu etxerantz abiatzeko. Benetan pozik itzuli gara etxera. Ongi doa kontua.
harrika atalean argitaratua | Iruzkinik Ez »
2007-04-16
Dena grabaturik, nahasketak hasi dira. Aspaldiko partez egun lasaia izan dugu gaurkoan. Goiz osoa Haritz bere kabuz lanean ibili ondoren, Egoitz eta Iñaki eguerdiko 15:00ak aldera azaldu dira klaseak eta lana amaitu ondoren.
Bazkal ondorengo ohiko kafea hartu eta Haritzekin batera lanean jarri gara. Ez dago gauza askorik egiteko baina gure iritzia garrantzi handikoa denez Harintzentzat, hor egon da bikotea arratsalde osoa berekin kontu kontari ari ziren bitartean, bihar hasiko diren nahasketak ongi prestatzen. Goiko estudiora abestiak pasa eta bertako materialarekin lanean hasi da Haritz.
Iñakik larunbatean Hitzan azaldutako artikulua eraman du estudiora, Egoitzek irakurria bazuen ere, Haritzek irakur zezan. Propaganda pixka bat eskertzekoa da beti!!
Gaurkoan, beraz, nahiz eta gauza askorik egin, egunero bezala hor izan gara estudioan jo ta su! Biharkoan gehiago.
harrika atalean argitaratua | Iruzkin 1 »
2007-04-14
Gaurkoa izan da grabatzeko izan dugun azkeneko eguna, eta egia esan, ez dugu lan gehiegirik egin behar izan, ia dena bukatua baikeneukan. Gaur beste batzuen txanda izan da, ordea. Goizeko 10:00tan puntu-puntuan iritsi da Koldo (Surfin Kaos) estudiora, eta kafe bat hartu ondoren segituan jarri da abestia entzuten, izan ere gaur estudioan bertan entzun du lehenengo aldiz. Hala ere, berehala heldu dio abestiari eta mikrofonoaren aurrean jarri da bere ahotsa grabatzeko. Primeran atera zaio eta ahots ezberdinak sartzen ere ausartu da, eta gu izugarri gustura geratu gara emaitzarekin.
Ondoren, alde egin baino lehen, hurrengo diskoa prestatzeko beraien kontura grabatu duten maketatxo bat entzuteko aukera eman digu Koldok, disko handia izango denaren aurrerapena.
Koldo agurtu ostean Iñaki eta Egoitzen txanda iritsi da, goizean bukatu nahi izan ditugu eta koroak, lasaiago ibiltzeko. Bazkaltzeko ordua iritsi denerako bukatu dute eta Andoainera jaitsi gara berriro ere, bazkaldu eta gora itzultzeko. Berehala iritsi dira Kautako lagunak, eta Mikel berehala jarri da lanean, beretzat ere lehenengo aldia izan baita abestia entzuten zuena. Azkar harrapatu du eta gainera zenbait ideia bururatu zaizkio azkenean abestia asko lagundu dutenak. Grabatzen amaitu eta alde egin behar izan dute Ondarroara, bertan kontzertua baitzuten gauean. Gu bertan geratu gara, eta Haritzek lanean jarraitu du hurrengo asterako gauzak prestatzen.
Gaurkoa egun berezia izan da, kolaborazioengatik ohorez betea eta grabazioa amaituta, ez dago atzera bueltarik. Astelehenetik aurrera nahasketak…
harrika atalean argitaratua | Iruzkinik Ez »
2007-04-12
9:30ak aldera iritsi gara Garatera gaurkoan, Haritz bertan zegoen ordenagailuaren aurrean gauzak bere lekuan jartzen. Berekin pixka bat egon ondoren, 10:00ak inguruan Oarsoaldeko Hitza egunkariko kazetari baten bisita eduki dugu aldez aurretik hitzartutako elkarrizketa burutzeko. Lehenengo Haritzi egin dizkio galdera batzuk eta ondoren gu izan gara grabaketari eta diskoari buruzko kontuak azaltzen. Argazkiren bat atera eta alde egin du elkarrizketa biharko Hitzan aterako dela esanez, egia esan eskertzekoa da haien aldetik erakutsitako interesa.
Gero koroak egiten jarraitu dugu, Iñaki eta Egoitzek egin dituzte goizean egin beharrekoak, baita Breok ere, kororen bat sartzen aritu baita, eta aurreko egunetan ez bezala, gaur Andoainera jaitsi gara bazkaltzera, sabelak ongi bete eta berriro ere gora. Arratsaldea ahotsak grabatzen igaro dugu, ez baita beste ezer falta, eta jada abestiak borobiltzen hasi dira.
Gaur azkenean ezin izan du etorri Koldok (Surfin Kaos) bere ahotsa sartzera, bihar ordea, Mikel (Kauta) eta Koldo etortzekoak dira, baina beno, bihar biharkoak.
harrika atalean argitaratua | Iruzkin 1 »
2007-04-11
Jada abestiren grabatzez bukatu dugu. 9:00tan iritsi gara baserrira eta ohiko kafea hartu ondoren gitarra hartu du Haritzek eta soinu garbi egoki bat bilatzen hasi da. Guztion gustuko soinua aukeratu eta Etxaunek hartu du gitarra grabatzen lehenengoa izateko.
Egin beharrekoak egin eta Egoitzen txanda iritsi da. Honek ere berehala amaitu du bere zatiekin eta 10:30ak pasatxorako grabatuak zeuden gitarra guztiak. Ondoren, Haritz buru belarri aritu da bateriaren soinuarekin bueltaka hurrengo asteko lanak aurreratzen, eta denbora tarte hori abestiren bat entseatzeko erabili dute Iñaki eta Etxaunek, bide batez ahotsa berotuz.
Bazkaldu aurretik Etxaunek abesti baten ahots nagusia grabatu du, arratsalderako hiru utziz. 15:00ak aldera berriro ere kaskoak jarri eta falta ziren hiru abestiak grabatu ditu. Egoitz eta Iñakiren txanda iritsi da ondoren, koroak sartzeko garaia, alegia. 17:00ak aldera hasi eta 18:00ak arte aritu dira, eta denbora horretan bi abestitan sartu dituzte ahotsak, abesti hauek guztiz amaituak utziz.
Bihar goizean goiz Haritz lasai-lasai utziko dugu bere kasa lan egiten abestiekin eta arratsaldean lehenengo kolaborazioa izango dugu.
harrika atalean argitaratua | Iruzkinik Ez »
2007-04-10
Goizeko 9:00tan iritsi gara Garatera, gaurkoan bisita egun antzeko bat izan dugu bertan, kuadrila, lagunak, senitartekoren bat… hala ere egunero bezala hasi gara, kafetxoa hartu eta lanera. Gure lagun Etxauriren begiradapean, gitarrekin sartzeko falta ziren punteo eta konponketak sartu ditugu goizaldean. Abesti bakoitza errepasatuz, Etxaunek lehenengo eta Egoitzek ondoren, gitarren ukituak sartu dituzte. Punteo asko, doinu berri batzuk eta bazkal ordurako gitarrak ia amaiturik utzi ditugu, biharkoan gitarra garbiak sartzeko asmoz.
Bazkalorduan, beti bezala, bata eta bestearen istorioak izan dira nagusi, ondoren kafea hartu eta berriro ere lanera. Etxaunek, ahotsa pixka bat berotu ostean, abesteari ekin dio. Arratsaldean zehar, abesti batekin arazo batzuk izan baditu ere, hiru abesti amaiturik uztea lortu du eta gaurkoz nahikoa izanik biharko beste lau geratu zaizkio. Gustura gabiltza orokorrean egiten ari garen lanarekin eta geratzen diren egunotan orain arteko gogo berberarekin ekingo diogu lanari.
harrika atalean argitaratua | Iruzkin 1 »
2007-04-9
Hiru egunetako oporren ostean berriro joan gara Garatera, baina gaurkoan 10:00tan. Bertan zegoen Haritz goiz-goizetik bateriarentzat soinu egoki bat lortu nahian, bitartean kafetxo bat hartu eta Egoitzek gitarra prestatu du. Falta zitzaizkion bost abestietatik lau goizean grabatu ditu eta arratsaldean azkenekoa, biharko utzi ditugu soinu garbiarekin grabatu beharreko gitarrak eta punteoak.
Ondoren ahots nagusiekin hasi da Etxaun. Hainbat aldiz errepikatu ostean, hiru abesti grabatu ditu 18:00ak iritsi diren arte. Bihar goizean gitarrarekin jarraituko dugu berriz eta arratsaldea ahotsari eskainiko diogu. Ez goaz martxa txarrean, beraz, ea ba berdin jarraitzen dugun.
harrika atalean argitaratua | Iruzkin 1 »