Apirilaren 21ean abiatu zen Mauletik Gaztetxe Martxa eta Iruñan amaituko da maiatzaren 27an. Ibilbidean hainbat Euskal Herriko gaztetxe eta eskualde gehienetatik pasako da eskuz esku martxaren lekuko den okupazio giltza. Urretxu, Zumarraga eta Legazpitik apirilaren 27an pasako da. Goierriko Gazte Asanbladak ongi etorri beroa prestatu dio Gaztetxe Martxari.

Goierriko gazteria ere martxan!
Egunez egun, antolatzen eta lanean jarraitzen dugu, gure amets eta ilusioak eraikitzen, beste Goierri horren alde lanean. Azken urtean gazte-mugimendu handia ematen ari da gure artean, horren lekuko ditugu Segura eta Ataungo gazte asanblada sortu berriak eta Zegamako Gaztetxe berria, hala ere lan asko dugu oraindik egiteke. Lazkaon esaterako Gaztetxearen aldarrikapenari entzungor egiten jarraitzen du udaletxeak eta beste zenbait herritan ere aurkako erasoak ez dira makalak.
Oztopoak oztopo, sasiak sasi, aurrera egingo dugu, gazteon martxa geldiezina da! Antolatzen eta lanean jarraituko dugu, bilduz eta auzolanean Goierri berria eraikiz. AHTrik gabeko Goierri, lan istripurik gabeko eskualde bat, zabor eta kerik gabeko Goierri, gazteri indartsu eta antolatu bat duen Goierri,… eskualde berri bat arnastu nahi dugu.
Jarrai dezagun beraz gazteok martxan. Ostegunean zita dugu Urretxun!
Zergatik Gaztetxe Martxa bat?
Milaka eta milaka gazte gara gaztetxe eta gazte asanbladetan antolatzen garenak autogaestioan eta asanblearismoan oinarrituz. Milaka koloretakoak eta milaka eratara antolatzen, lan egiten eta pentsatzen dugunok. Eta aniztasun honetan dago gure aberastasuna.
Baina badago zerbait batzen gaituena, gazte izatearen grinarekin batera jendartea eraldatzeko asmoa alegia. Gaur egungo gure herriaren zein munduko herrien egoera sozial eta kulturala kezkatzen gaituelako. Errealitatea, saltzen diguten iruditik kanpo, ikusten eta aztertzen dugulako, kritikoak garelako.
Guk kultur, kontsumo eta heziketa eredu herrikoi baten alde egiten dugu apustu, indibidualismoaren eta merkantilizazio ereduaren aurrean. Jendarte justu, solidario eta parekide baten alde egiten dugu apustu, non pertsonen arteko zapalkuntza eta amalurraren esplotazioa alde batera geratuko diren.
Bestalde, gure auzo, hiri eta herrien problematikak arduratzen gaitu. Horregaitik, alternatibak eraikitzen eta sortzen lan egiten dugu.
Hauek dira Euskal Herriko gazte asanblada eta gaztetxeen benetako izaera eta asmoak eta Gaztetxe Martxaren lehenengo helburua gure izaera, lan eta asmo hauek kaleratzea izango da.
Bigarren helburu bat, eraikitzen gauden mugimendu hau erreal, geldiezin eta ezabaezin gisa jendarteratzea izango da.
Erreala da, gazteon konpromiso aktiboaz egunero sortzen eta eraikitzen ditugun milaka dinamika eta proiektuak ukaezinak direlako, gure izatea ukatzerik ez dagoelako.
Geldiezina eta ezabaezina da, jendartean beharrezkoak garelako. Beharrezkoak gara gazteon irrika, kezka eta iniziatibak gestionatzen eta asetzen ditugulako. Beharrezkoak gara, kultura sozial aktibo eta partehartzartzailearen sortzaile izanez, herri mugimendurako gazteon inplikazioa eta aportazioa bideratzen dugulako.
Guzti honengatik botereak ez gaitu nahi. Honegatik, botereak gure guneak ixten ditu, epaitzen gaitu eta isunekin itotzen gaitu. Baina guzti honengatik ere, gure kontrako eraso guztiak gelditzea exijitzen eta exijitu behar dugu. Eta hau da Gaztetxe Martxaren azken helburua, gure dinamiken, izaeraren eta asmoen babesa jendarte osoarengandik lortzea.
Ostegunean Urretxura!
Ostegunean, Azpeitiarrei lekukoa hartu ostean, Urretxu-Zumarragako gaztetxean ongi etorria egingo diogu martxari. Hau arratsaldeko hiruetan izango da. Gaztelekuan elkartu eta luntx baten ondoren bideo emaldi bat izango da, ondoren kalejira egingo da Urretxu eta Zumarragako kaleetatik barrena eta Legazpiko bidea hartuko du ibilaldiak. Hurrena, Legazpitik Oñatiraino helduko da lekukoa arratsaldeko seietarako.
GOIERRIKO GAZTE ASANBLADAK