Musean gazteak garaile Zegamako Gaztetxean

2006-06-12

Ostiralean jokatu zen Zegamako Gaztetxeko I. Mus Txapelketako finala. Txapelketari ekainaren 2an eman zitzaion hasiera eta guztira 20 bikote aurkeztu ziren jokora, gazte nahiz heldu. 8 bikotek egin zuten aurrera eta ostiralean jakin ahal izan zen nork jantzi zuen txapela. Gorka Lozanok eta Aitor Arakamak irabazi zuten. Bigarren postuan Joakin Irastorza eta Luis Ormazabal geratu ziren. z.

Larunbatean Gaztetxe Biraren Bukaera Jaia Legorretako gaztetxean

2006-06-12

Abenduan Musikherria herri disketxeak abiatutako Gaztetxe Biraren bukaera heldu da. Azken sei hilabeteotan, 40 gaztetxe inguru zeharkatu ditu birak eta 40 talde baino gehiagok parte hartu dute. Bira honi bukaera emateko, ekainaren 17an, larunbata, Legorretako gaztetxean jaialdia prestatu dugu 22:00etatik aurrera. Horrela, Kloratita eta Lur Jota taldeak arituko dira gaztetxeko eszenatokian. Anima zaitezte!

UEK eta Des-Kontrolen kontzertua Zaldibian

2006-06-7

Zaldibiako Gazte Taldeak antolatuta, rock kontzertua izango da bihar herrian. Bertan Des-Kontrol eta UEK taldeek joko dute. Musika kontzertua 22:30ean hasiko da, Zaldibiako antzokian.

Zaldibiako kontzertuan, UEK taldeak Heltzear diren egunak disko berria aurkeztuko du. Lehenago, Etsaiak eta Fjord taldeetan aritu den Keu gitarrajolea da taldearen arima. Kontzertuetarako, berriz, Mikel Arakistain baxujolearen eta Arima Beltzako Ion Gurrutxaga abeslari eta bateria jolearen laguntza izango du.

Des-Kontrol, berriz, punk eta Oi! doinuak egiten dituen taldea da, Duintasunez eutsi lanarekin datorrena.

Erreka garbitu dute Urretxu-Zumarragan

2006-06-7

Urola ibaia garbitu dute herritarrek Urretxun eta Zumarragan, Erreka Egunaren ekimenen barne. Azken urteotan errekaren egoerak hobera egin duen arren, ia hiru tona zakar bildu dituzte.

Goierrin Aste Berdea egiten ari dira egunotan, eta Urretxu eta Zumarragako hainbat taldek Erreka Eguna prestatu zuten larunbaterako. Urola ibaia garbitzea zuten helburua, baina, batez ere, herritarrek kontzientzia hartzea. Gipuzkoako bi herri horiek zeharkatzen ditu, besteak beste, Urolak. Herritarrek gertukoa dute ibaia, eta kezkatuta daude bertan ikusten duten zikinkeria dela eta. Batzuk bai, behintzat. Garbiketarako prest Kalebarren-Areizaga plazan bildu ziren 50 boluntarioak horien artean. Urretxu eta Zumarragako Arrantzale Kontserbazionistak (UZAK) elkarteak, eta bi herrietako gazteek osatzen duten Gazte Asanbladak bultzatu zuten ekimena, eta bi herrietako Udalen laguntza izan zuen. Artikulo honen gainontzekoa irakurri »

Segurako Gazte Asanblada logotipo bila

2006-06-2

SGA-k logo berria behar duela-eta ideiak aurkezteko azken eguna ekainaren 6a dela gogorarazi dute. Eskuz zein ordenadorez egin daiteke. Gaztelekura eraman behar da, eta irabazleak saria jasoko du.

AHTren aurkako kalejira bihar Beasainen

2006-06-2

Goierriko AHTren aurkako Elkarlanak deituta manifestaldia egingo da Besaingo kaleetan larunbat honetan INPOSAKETARIK EZ, AHT GELDITU! lemapean. 17:30etan abiatuko da martxa gaztetxetik eta 18:00etan tren geltokitik. Txikizioa gelditu dezagun!

AHTren inguruko hitzaldia eskainiko da gaur Seguran

2006-06-2

Segurako Gazte Asanbladak antolatuta, AHT gelditu! Elkarlaneko ordezkariek Abiadura Handiko Trenaren inguruko hitzaldia eskainiko dute gaur, 19:30etan, Kultur Etxean. Tren sare berriak ingurumenean sortuko lituzken eraginetaz mintzatuko dira batik bat gaurko solasaldian; kutsadura elektromagnetikoa eta zarata, bibrazioak, mendiak erditik zulatu tunelak eraikitzeko, Urumea ibaiaren lekua aldaketa, Nafarroako adarra Aralar aldetik badator 70 metroko zubia Zaldibi aldean… Elkarte honek ez du uste tren hau izango denik Europarekin lotzeko aukerarik motzena, merkeena eta errazena, ez eta konponduko garraioaren arazoak. Klasista da eta lurraldea desegituratuko du 30 miloi km. lur mugituaz baso eta nekazal lurretatik igaroko den 94 kilometroetan, 97 tunel eta 17 biaduktu eraikiaz. Tren honen inguruan gauza gehiago jakin nahi dutenek gaur izango dute aukera hitzaldira joan eta informazioa jasotzeko.

Anari bihar Urretxun

2006-05-11

Bihar gauean, maiatzak 12, Anari bakarlariak kontzertua eskainiko du Urretxuko Labeaga aretoan.
Gaueko 10 etan hasiko da musika emanaldia. Kontzertu hau Urretxu-Zumarragako Askatasunak antolaturiko da.
Sarrerak bertan izango dira salgai 6 euroren truke.
Plan hoberik?

Badator Gaztetxe Martxa Goierrira

2006-04-25

Apirilaren 21ean abiatu zen Mauletik Gaztetxe Martxa eta Iruñan amaituko da maiatzaren 27an. Ibilbidean hainbat Euskal Herriko gaztetxe eta eskualde gehienetatik pasako da eskuz esku martxaren lekuko den okupazio giltza. Urretxu, Zumarraga eta Legazpitik apirilaren 27an pasako da. Goierriko Gazte Asanbladak ongi etorri beroa prestatu dio Gaztetxe Martxari.

Goierriko gazteria ere martxan!

Egunez egun, antolatzen eta lanean jarraitzen dugu, gure amets eta ilusioak eraikitzen, beste Goierri horren alde lanean. Azken urtean gazte-mugimendu handia ematen ari da gure artean, horren lekuko ditugu Segura eta Ataungo gazte asanblada sortu berriak eta Zegamako Gaztetxe berria, hala ere lan asko dugu oraindik egiteke. Lazkaon esaterako Gaztetxearen aldarrikapenari entzungor egiten jarraitzen du udaletxeak eta beste zenbait herritan ere aurkako erasoak ez dira makalak.

Oztopoak oztopo, sasiak sasi, aurrera egingo dugu, gazteon martxa geldiezina da! Antolatzen eta lanean jarraituko dugu, bilduz eta auzolanean Goierri berria eraikiz. AHTrik gabeko Goierri, lan istripurik gabeko eskualde bat, zabor eta kerik gabeko Goierri, gazteri indartsu eta antolatu bat duen Goierri,… eskualde berri bat arnastu nahi dugu.

Jarrai dezagun beraz gazteok martxan. Ostegunean zita dugu Urretxun!

Zergatik Gaztetxe Martxa bat?

Milaka eta milaka gazte gara gaztetxe eta gazte asanbladetan antolatzen garenak autogaestioan eta asanblearismoan oinarrituz. Milaka koloretakoak eta milaka eratara antolatzen, lan egiten eta pentsatzen dugunok. Eta aniztasun honetan dago gure aberastasuna.

Baina badago zerbait batzen gaituena, gazte izatearen grinarekin batera jendartea eraldatzeko asmoa alegia. Gaur egungo gure herriaren zein munduko herrien egoera sozial eta kulturala kezkatzen gaituelako. Errealitatea, saltzen diguten iruditik kanpo, ikusten eta aztertzen dugulako, kritikoak garelako.

Guk kultur, kontsumo eta heziketa eredu herrikoi baten alde egiten dugu apustu, indibidualismoaren eta merkantilizazio ereduaren aurrean. Jendarte justu, solidario eta parekide baten alde egiten dugu apustu, non pertsonen arteko zapalkuntza eta amalurraren esplotazioa alde batera geratuko diren.

Bestalde, gure auzo, hiri eta herrien problematikak arduratzen gaitu. Horregaitik, alternatibak eraikitzen eta sortzen lan egiten dugu.

Hauek dira Euskal Herriko gazte asanblada eta gaztetxeen benetako izaera eta asmoak eta Gaztetxe Martxaren lehenengo helburua gure izaera, lan eta asmo hauek kaleratzea izango da.
Bigarren helburu bat, eraikitzen gauden mugimendu hau erreal, geldiezin eta ezabaezin gisa jendarteratzea izango da.

Erreala da, gazteon konpromiso aktiboaz egunero sortzen eta eraikitzen ditugun milaka dinamika eta proiektuak ukaezinak direlako, gure izatea ukatzerik ez dagoelako.

Geldiezina eta ezabaezina da, jendartean beharrezkoak garelako. Beharrezkoak gara gazteon irrika, kezka eta iniziatibak gestionatzen eta asetzen ditugulako. Beharrezkoak gara, kultura sozial aktibo eta partehartzartzailearen sortzaile izanez, herri mugimendurako gazteon inplikazioa eta aportazioa bideratzen dugulako.

Guzti honengatik botereak ez gaitu nahi. Honegatik, botereak gure guneak ixten ditu, epaitzen gaitu eta isunekin itotzen gaitu. Baina guzti honengatik ere, gure kontrako eraso guztiak gelditzea exijitzen eta exijitu behar dugu. Eta hau da Gaztetxe Martxaren azken helburua, gure dinamiken, izaeraren eta asmoen babesa jendarte osoarengandik lortzea.

Ostegunean Urretxura!
Ostegunean, Azpeitiarrei lekukoa hartu ostean, Urretxu-Zumarragako gaztetxean ongi etorria egingo diogu martxari. Hau arratsaldeko hiruetan izango da. Gaztelekuan elkartu eta luntx baten ondoren bideo emaldi bat izango da, ondoren kalejira egingo da Urretxu eta Zumarragako kaleetatik barrena eta Legazpiko bidea hartuko du ibilaldiak. Hurrena, Legazpitik Oñatiraino helduko da lekukoa arratsaldeko seietarako.

GOIERRIKO GAZTE ASANBLADAK

Elektrotunak joko du Zaldibiako Gazte Egunean

2006-04-20

Zaldibiako Gazte Taldeak antolatuta Gazte Eguna ospatuko da larunbatean herrian. Horrelako festa baten adinako ekitaldi sorta antolatu dute. Goizean, 11:00etan hasita, goiko eta beheko kaleko gazteen arteko jokoak izango dira. Eguerdi partean, triki-poteoa egingo dute herriko kaleetan barrena. Segidan, 14:30a inguruan, bertso bazkaria izango da Xumai Murua eta Aitzol Barandiaran bertsolariekin. Bazkalostean poteoa egingo dute berriro ere, eta iluntzera arte Elektrotuna eta Salta Ballas taldeek alaituko dituzte bazterrak.